JUAN JOSÉ OCÓN
 
 
Donostiarra da eta bere hiriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen Konposizio eta Orkestra Zuzendaritzako ikasketak, nota gorenak atereaz eta Tomas Aragues maisuaren katedrapean. 1993an Karrera Amaierako Lehen Saria eskuratu zuen.

Urte horretan eta hurrengoan Orkestra Zuzendarien Nazioarteko Lehiaketan parte hartu zuen Txekiar Errepublikan, eta bi aldietan Zuzendari onenaren Saria eta Moraviako Orkestrako maisuek aho batez emandako Ohorezko Domina jaso zituen.

Orkestra Zuzendaritzako ikasketak zabaldu egin zituen Kalmar, Yuasa, Svaaronwsky, Vronsky, Thrlink, eta beste maisu ospetsu batzuekin. Musika koralarekiko duen zaletasuna medio, Eric Ericson eta Pierre Cao-rekin ikasi ondoren, hainbat abesbatza zuzendu ditu. Ildo horretan, operan, zarzuelan eta polifonian emanaldi arrakastatsuak eskaini izan ditu.

Zuzendari gonbidatua ere izan da honako orkestra hauetan: Gran Canariako Filarmonikoan, Moraviako Filarmonikoan, Letoniako Nazionalean, Euskadiko Sinfonikoan, Las Palmaseko Sinfonikoan, Bilboko Sinfonikoan, Galiziako Sinfonikoan, Bratislavako Filarmonikoan, Bratislavako Irratikoan, etab.

Zuzendari-lanetan aritu izan da Donostiako Musika Hamabostaldiko hainbat ekitalditan. Donostiako Orfeoiarekin ere kontzertu ugari eskaini ditu, hala nola Artzain Onaren Katedralaren Mendeurrenekoa, Donostian 1997. urtean. Pablo Sorozabalen “Gernika” kantataren fanfarreentzako bertsioa estreinatu zuen urte berean. 1998an Miguel de Oñateren “Itziar” eta Eduardo Mocoroaren “Leidor” operak estreinatu zituen. 1999. urtean Madrilgo Teatro Real antzokian aritu zen estreinakoz, Orff-en “Carmina Burana” lanaren piano eta perkusiorako bertsioa zuzentzen. Orduan, espezializatutako kritikarien oniritzia jaso zuen.

2000. urteko irailean EGOren Zuzendari Artistiko Titular izendatu zuten. Gaur egun ardura horri eusten dio eta irakasle da Donostiako Musika Eskolan.

Zuzendari gisa hainbat disko grabatu ditu eta baita film, film labur eta dokumentalen soinu-banda ugari ere.


 
     ENRIQUE UGARTE

  Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen. Lau urte eskusoinua jotzen hasi zen eta 7 urterekin jo zuen lehenengoz jendaurrean.

Oboe, Eskusoinu, Harmonia eta Konposaketa-ikasketak burutu zituen Donostiako Goi Kontserbatorioan. Gero, Dieter Acker irakaslearekin Konposaketa ikasi zuen Municheko Musikhochschulen. Hainbat bekari esker-Alexander von Humbold Stiftung (Alemania), Eusko Jaurlaritza eta Kultura Ministerioa (Madril)-, Musikaren Fenomenologia eta Orkestra Zuzendaritza ikasi zituen Sergiu Celibidache maisuarekin: Johannes-Gutenberg Universität Mainz-en, Munich-en eta Cluny-n (Frantzia). Halaber, Aidimus Akademiaren Orkestra Zuzendaritza buruzko ikastaro magistral bat eginzuen Erns Scheile maisuarekin: Saintes (Frantzia).

Nazioko eta nazioarteko hainbat sari eskuratu zituen (Tilburg Holanda, Recanati Italia).
Ondorengo orkestra sinfonikoak zuzendu ditu: English Chamber Orchestra, Orkestra Filarmoniko Txekiarra, nazioetako Filarmonikoa, Deutsches Filmorchester Berlín, Euskadiko Orkestra, Brno-ko Orkestra Filarmonikoa, Kammerensemble Münich, Radio Sinfonie Orchester Pilsen eta Granada Hiriko Orkestra.



     JUANJO MENA    
 
  Juanjo Mena orkestra zuzendaritzaren balore berri sendoenetakotzat da hartua. 1999az geroztik Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistiko eta titularra da. BOSen lan handia egiten du eta elkarrekin garrantzi handiko eszenatokietan aritu dira, hala nola, San Petersburgoko Mariinski Antzokian eta Frantziako La Roque D'Antheron Jaialdian.

Gasteizen jaioa, C. Bernaolarekin hasi zen Harmonia, Konposizioa eta Instrumentazioa ikasten Vitoria-Gasteizeko Musikako Goi Eskolan. Madrilen, berriz, Orkestra Zuzendaritza ikasi zuen E. García-Asensiorekin, Musikako Goi Mailako Errege Kontserbatorioan. Bertan, Ohorezko Saria lortu zuen Orkestra Zuzendaritzako ikasketetan. Ondoren Alemanian osatu zituen ikasketak, Sergiu Celibidacherekin.

Europako orkestra ospetsuak zuzentzera gonbidatu dute, hala nola, Turineko RAI, Bergen eta Bukaresteko filarmonikoak, eta Brasov, Bacau eta Georgiako sinfonikoak. Era berean, Espainiako orkestrarik garrantzitsuenetako batzuekin kolaboratzen du sarritan, besteak beste, Espainiako Orkestra Nazionala, Radio Televisión Españolako Orkestra Sinfonikoa, Bartzelonako Sinfonikoa, Kataluniako Sinfoniko Nazionala, Madrilgo Sinfonikoa, Granada Hiria, Malagako Filarmonikoa, Madrilgo Erkidegokoa, Valentziakoa, Vallésekoa eta Asturiasko Printzerrikoa. Dagoeneko baditu kontzertuak egiteko konpromiso batzuk: Suisse Romandeko Orkestra, Staatsphilarmonie Rheinland-Pfalz, A. Rubinstein Philarmonic Orchestra, Brasilgo Sinfonikoa, Kanaria Handiko Filarmonikoa, Galiziako Real Philarmonia, Daejeon Philarmonic eta Sevillako Orkestra Barrokoarekin. Operaren arloan produkzio hauek egingo ditu: Schoenbergen Erwartung, Richard Straussen Salomé, Wagnerren Der Fliegende Holländer eta Mozarten Txirula magikoa.

Euskal Herriko orkestrak zuzentzen hasi zen lanean, besteak beste, Euskadiko Sinfonikoa, "Jesús Guridi" Ganbera Orkestra, Irungo Ganbera Orkestra, "Aita Donostia" Ganbera Orkestra eta Euskal Herriko Gazte Orkestra. 1999. urtera arte Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendari titularra izan zen, eta gazte instrumentisten trebakuntza-egitasmo interesgarri bat garatu zuen bertan.

Naxos International disko-etxerako euskal musikaren bilduma interesgarri eta oparoa grabatu berri du Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin. Era berean, zenbait grabazio egin ditu RNEren Radio Clásicarentzat, Televisión Españolarentzat (TVE), Euskal Irrati Telebistarentzat (EITB) eta Unión Europea Radiodifusiónentzat (UER).

Besteak beste, Radio Nacional de Españaren "Ojo Crítico" saria irabazi du musikan egindako ibilbide bikaina, musika garaikideari eskainitako arreta berezia eta dituen aukera handiak direla-eta. Hori guztia aintzat hartuta, beraz, orkestra-zuzendaritzako zuzendaririk garrantzitsuenetakoa dela esan daiteke, hala gure mugen baitan nola gure mugetatik harago.