person-photo

Albert Mora

Bartzelonan jaio zen 1961ean. 1986tik Bartzelonako Gran Teatre del Liceuko Orkestrako txirula bakarlaria da. Orkestrako kide bezala, ahots esanguratsuenekin jo du eta nazioarteko batuta garrantzitsuenen zuzendaritzapean aritu da.

2012tik txirula, ganberako musika eta inprobisazio irakaslea da Escola Superior de Música de Catalunya (ESMUC) delakoan.

Paul Meisen irakaslearekin graduatu zen 1986an Municheko Goi-Mailako Musika Eskolan, eta hiri horretan bertan jaso zituen bere ibilbide profesionalerako lehen bultzada erabakigarriak, Musikaren Fenomenologian sakontzea ahalbidetu zion Sergiu Celibidache Maisuaren neurriko artisten eskutik.

Jean-Pierre Rampal, Barthold Kuijken, Robert Aitken, György Sebök, eta beste hainbat maisurekin ere lan egin du.

Bere ibilbidean zehar, hainbat ganbera taldetako kide izan da. Horien artean nabarmenenak txirula eta harpa duoa (Abigaïl Prat-ekin) eta txirula eta gitarra duoa (Álex Garrobé eta Ignacio Lópezekin) dira.

Musika garaikideari dagokionez, Santiago de Compostelako Ensemble CGACeko kide izan da, baita Barcelona 216 eta Grup XXI taldeetakoa ere.

Wiener Staatsoper-ekin (Wiener Philarmoniker) elkarlanean aritu da berriki, baita Qatar Philharmonic-ekin, Bartzelonako Orkestra Sinfonikoarekin, Kataluiniako Orkestra Nazionalarekin, Gaztela eta Leongo Orkestrarekin, Teatre Lliure Orkestrarekin, Cadaqueseko Orkestrarekin, Andorrako Ganbera Orkestra Nazionalarekin, eta abar.

Jove Orquestra Gèrminans-eko zuzendari izan da, Jove Orquestra Nacional de Catalunyako (JONC), Acadèmia d’Orquestra del Liceu-ko eta Escola de Música de Barcelona entzutetsuko irakasle, baita Bartzelonako Orquestra Filharmonia de Cambra-ko zuzendari artistiko ere.

Europan, Amerikan (Kanadan eta Argentinan) eta Japonian eman ditu kontzertuak, eta hainbat unibertsitate eta kontsebatoriotan txirula ikastaroak eman ditu, Oviedoko Fundación Princesa de Asturiasen, eta musikaren Fenomenologiari buruzkoak, txirularen ikuspegitik, Buenos Airesen eta Bartzelonan.

Hainbat CD argitaratu ditu: “Soliloquis” (txirula bakarlaria), “Aires y Tiempos” (txirula eta gitarra, Ignacio Lópezekin), “A night at the Opera” (flauta eta harpa, Abigaïl Pratekin) eta askotariko ganbera talde eta talde sinfonikoekin, J. Aragall, M. Caballé, J. Carreras, A. Guinovart, eta beste hainbat artistekin.

Aurki Salzburgoko Festibalean Salzburger Orchester Solisten-ekin kolaboratuko du, eta Japonian bakarlari eta coach lanetan arituko da Nagano Philharmonic-ekin, Vienako Musikverein eta Naganoko Auditorioaren arteko adiskidetza proiektu batean.

Albert Morak urrezko Yamaha txirula bat eta Verne Q Powell zurezko txirula jo ohi ditu.